Hizkuntzak mugen gainetik
ITZULPENAK
eufres

EZI.eus-en elkarrizketak: Ramon Lazkano

2018ko Ekainaren 30a

"Musika ez da unibertsala, edo ingelera bezain unibertsala da."

EZI.eus-en_elkarrizketak:_Ramon_Lazkano

Hilabete honetan Ramon LAZKANO-ri ematen diogu hitza.

Donostian (Gipuzkoa À€'¢'€'“ Euskal Herria) 1968an sortu zen Ramon LAZKANO. Musika ikasketak Euskal Herrian hasi eta goizik, 19 urtetan, abiatu zen bertze zeruhertz batzuetara. Parisen eta Montrealen hainbat ikasketa eta ikerketa eginik, eta beste andana bat sari bildurik, euskal konpositore mundu-ibiltariak euskara lau haizetara zabaltzen du bere sorkuntza ausartekin: "Ilunkor" "Ortzi isilak" "Hauskor", "Mugarri", "Lurralde", "Argilunak", "Petrikhor", "Malkoak euri balira", "Bakarrizketa", "Errobi","Zortziko"… Ramon LAZKANO-ri buruz gehiago bere web-orrian: http://www.lazkano.info

EZI: Ramon, nola definituko zenuke zure musika?

R.L.: ez dut uste musika baten izatea hitzen bidez esatea dagoenik, hain zuzen ere hitzek esaten ez dutena adierazteko aukera izan dezakelako musikak, neurri batean poesiak bezala. Nire lana nolakoa den azal nezake, zeintzuk diren prozesuak, nolakoak diren eginbeharrak, ze ideiek eta ze egoerek duten eragina niregan; ideia, hausnarketa eta intuizio horien artean: memoriaren iraunkortasuna eta higadura, materiaren berezitasunak eta egunkortasuna, denboraren jarioa - eta nagusiki, musikarekiko esperientzia bakarkako une errepikaezina dela, amildegira eramaten gaituenetakoa.

EZI: Euskal Herrian diharduen jende askok, atzerriratu den beste askok ere, badirudi euskararekiko lotura galdu duela; urratu, higatu zaiola. Zuk ordea, denbora asko Euskal Herritik kanpo pasa arren, lotura azkarra erakusten duzu, harrian zizelkatua bailitzan. Zer da zuretzat euskara?

R.L.: euskara sustraia da, nire jatorriari errotzen nauena, baina areago; nire haurtzaroarekin lotzen nauen etengabeko oroipena eta nire eraiketa ideologikoa elikatu duen elementu nagusiena izan ez ezik, eremu sekretu bat da baita ere Euskal Herritik kanpo, eta azken finean hizkuntzengatik dudan maitasun sakona garatu duen ardatza.

EZI: Maiz euskara tradizioarekin, aspaldiko ohiturekin, iragan batekin, modernitatea, garaikidetasuna ez den beste horrekin lotu ohi da. Zure musikak, zu zeuk, soinu, isilune, irudi arrunt garaikidea daukazue. Lortuko al dugu, lortzen al dugu euskara iraganaren, tradizioaren eta folklorismoaren tranpa horretatik ateratzen?

R.L.: Euskararen egoera eta pertzepzioa azken urteotan ikaragarri aldatu direla uste dut, bai hegoaldean, bai iparraldean. Nolabait eta batez ere gazteen artean, pixkanaka hizkuntza "deslekutuz" doala iruditzen zait. Unibertsitatearen bidetik, idazleen lanagatik, administrazioaren presentziagatik eta batik bat errealitate teknologikoak harrapatu gaituelako, euskara Etxeparek opatzen zion modernitatean sartu dela uste dut. Euskara robotikan, legegintzan eta hiribarneko arte alternatiboetan erabiltzen den tresna da egun.

EZI: Arlo askotan, kanpora idekitzeko aitzakia okertuz, batzuek euskara baztertzen dute, beste hizkuntza bat nahiago diote (frantsesa, gaztelera… ingelera). Zure lan gehienen izenak euskaraz dira. Halere, munduan zehar ezagunak dira, eta ez dirudi izen "bitxi" horiek oztopoa direnik Euskal Herritik kanpora hedatzeko. Zer diozu?

R.L.: batetik, sorkuntza arlo berezi honetan gabiltzanean hizkuntzaren zabalpena edo ulerkortasuna irizpidea ez dela esango nuke; hedapen handiagoko hizkuntzak erabiltzen dituztenek beharbada bestelako behar komertzialak dituzte ikusmiran. Bestetik, erabiltzen ditudan izenburuak atzerrian batzuetan oztopo izan direla ez dizuet ukatuko: gogoratzeko zailak, inolako euskarririk gabeko euskal hitzek zorabioa eragin dezakete askorengan. Baina hau ere joera artistiko bat dela defendatu liteke.

EZI: Donibane Lohizunen eman zenuen mintzaldi batean, isiluneen garrantzia azpimarratu zenuen. Egunerokoan arrabots, soinu gehiegi dagoela ere erran zenuen. Sakonduko al zenuke ideia hori?

R.L.: soinuaren zentzuak edo ardurak eta soinuaren presentziaren kontzientziak urduritzen naute. Gure gizartean, fenomenoak ikusgarriak edo entzungarriak izan daitezen, baita berberak ezkutatu ahal izateko ere, bada ozenerako jokaera nabarmena eguneroko bizitzan. Hain bihurtu da arrunta ez garela ia ohartzen soinu informazioaren gehiegikeriaz. Inguratzen gaituen zarata honek gure gogoetak mutu egiten ditu, buruan entzungarri den geure gorputzen hotsa zapaldu, azken finean bizitzaren nabarmena ilundu. Soinua entzuna izateko agertzen dela eta musikak, funtziorik badu eta larritzen bagaitu, soinua sumatzearen helburua izan behar duela uste dut.

EZI: Zure web orrian ezker pareta bat agertzen da. Zer adierazten du argazki horrek?

R.L.: egia esan, ez diot adierazpenari kasu handirik egin web orriari dagokionez. Argazkilari den lagun min baten lana da, gure etxeko paretan jarrita duguna. Irudia bereziki maite dut gogoan dauzkadan zenbait obsesioekin lotu dezakedalako; simetrien hauskortasuna, urrunerako begiradaren oztopoa, ostertzaren metafora eta bide batez perspektibaren gezurjokoa, dimentsioen eta planoen kolapsatzea, eta abar. Eta noski, pilota jokoa!

EZI: Guretzat hizkuntzak musika dira eta musikak hizkuntza. Zer esango zenuke horren inguruan?

R.L.: Ez nuke nik horrenbeste esango. Musika kontzeptuak gaur egun munduan zehar soinua eta hotsa erabiltzen duten sormen desberdin eta kontraesankorrak biltzen ditu, izen berarekin identifikatzen ditugu inuit herriaren ahots jokoak, Lady Gagak aurkezten duena eta Pierre de la Rueren meza; azken finean, musikologiak XIX. mendean emandako definizioekin ulertzen dugu oraindik, baina "musika" ez da unibertsala, edo ingelera bezain unibertsala da. Baina galderaren harira, hizkuntzek musikalak diren ezaugarriak dituztela argi da: hizkuntza, musika bilakatu nahi izan duenean, poesia bihurtu da. Poetak dira agian musikari sakon eta trebeenak.

Ondotik entzun dezakezu "Lied Ohne Worte" 2010, Ensemble Recherche taldeak jo eta grabatua.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

EZI.eus elkartea

2018ko Otsailaren 22a

2018ko otsaila: EZI.eus, itzulpengintzaren eta euskararen aldeko eragile berria...


Gurekin harremanetan sartu




segurtasun kodea