EZI BEKA: ekimen parte hartzaile, solidario eta arduratsua
2017ko Azaroaren 25a
EZI.eus-ek, bere helburu nagusiari jarraikiz (euskara ahal bezain bat ikusia eta erabilia izatea), urtero diru kopuru bat bideratuko du enpresa pribatuetan helburu hori gauzatzeko. EZI.eus-ek bere bezeroek eskatzen dizkioten itzulpen lanen fakturazioaren ehuneko bat baztertuko du EZI BEKA osatzeko.
BEKAREN FUNTSA OSATU
EZI.eus-ek bere itzulpen lanak itzultzailearentzako prezio duin batean fakturatuko ditu. EZI.eus-ek bere fakturaren %10 baztertuko du BEKAren funtsa osatzeko.
Ekimen parte hartzailea izanik, bezeroari bere ekarpena egiteko aukera ematen diogu. Ekarpen hau fakturaren %5ekoa izanen da. Bezeroak ez badu BEKAn ekarpenik egin nahi %5 hori fakturatik kenduko zaio.
Adibidez: har dezagun 1 000 €ko faktura bat.
- EZI.eus-ek %10 baztertuz, 100 €-z elikatuko luke EZI BEKA
- Bezeroak %5 ekarriz, 50 €-z elikatuko, berak ere, EZI BEKA
- Orotara 150 € joango lirateke EZI BEKA osatzera.
- Baina, bezeroak ez badu ekarpenik egin nahi, orduan bere faktura 950 €-tan geldituko da.
Horiek horrela, ahal bezain bat jende animatzen dugu ekimen parte hartzaile, solidario eta arduratsu honekin bat egitera, elkarrekin EZI BEKA polita osa dezagun!
Deialdiak
EZI.eus-ek urtero deialdi bat plazaratuko du bere EZI BEKA esleitzeko. Hasiera batean Ipar Euskal Herrira mugatuko dugu. Bere xedearen ildotik segituz, hautatuko diren proiektuek euskarari ikusgarritasun nabarmena eskaini beharko diote.
Urtero ekonomiaren arlo bat edo gehiagora zuzenduko dugu EZI BEKA, eta horren arabera zehaztuko ditugu sailkapen irizpideak.
Beti ere, gutxieneko irizpide hauek bete beharko dira:
- Euskararen ikusgarritasuna
- Euskararen aldeko jarrera baikorra
Deialdiak urte bukaera aldera plazaratuko ditugu eta esleipendunen izenak ondoko urteko lehen hiruilekoan jakinaraziko ditugu. 2018 lehen urtea izanik, EZI BEKA funtsa osatzeko baliatuko dugu. Lehen EZI BEKA 2019. urtean bideratuko dugu.
EZI BEKA: Norentzat?
EZI BEKA arlo eta neurri guztietako enpresa eta profesionaletara bideratzen dugu.
Enpresen behar eta hertsapenak ezagutzen ditugunez, EZI BEKArako hautagaitza txostena ahal bezain arina izatea nahi dugu. Hortaz, guk urteroko irizpideak plazaratu eta, hautagai bakoitzak hautagaitza gutun bat igorriko digu bere proiektua aurkeztuz.
Horren arabera eginen dugu hautaketa.
EZI BEKA eskuratzearen truke
EZI BEKAren esleipendunek epe luzera euskararen aldeko engaiamendua erakutsi beharko dute:
- Euskarari egiazko ikusgarritasuna eman
- Euskararen aldeko jarrera baikorra erakutsi
- Enpresan euskara garatzeko neurriak hartu
Proiektu eza
Urte batez (N. urtea)proeikturik hautatuko ez balitz, urte horretako EZI BEKAren diru kopurua hurrengo urteko (N+1) beka osatzeko erabiliko da
Bigarren urtean (N+1) ere proiekturik hautatuko ez balitz, EZI.eus-ek lehen urteko (N)diru kopurua berak garatuko lukeen euskara eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko egitasmora bidera lezake.